BERDIN izateko GEHITU

Soldata-gardentasuna

Emakumeen enpresa-lidergoa

Sektore maskulinizatuetan emakumeen kontratazioa

Enpresetan berdintasun-planak

Zer da Soldata-arrakala?

Soldata-arrakala gizonezkoen eta emakumezkoen batez besteko soldataren arteko aldea da, desparekotasunaren ondorio nagusietako bat.

Balio bereko lanagatik ordainsari berdina jasotzea funtsezko eskubidea eta printzipioa da.

Zenbatekoa da?

% 16,7
urteko batez besteko irabazian

% 7,3
ordu bakoitzeko irabazian

Iturria: INE. Soldata Egituraren Inkesta

Zein dira soldata-arrakalaren arrazoiak?

Hezkuntza eta gizarte-sentsibilizazioan sakondu behar dugu eta enpresen eta sindikatuen kontzientziazio handiagoa lortu behar dugu, aldaketa sustatzeko zeharkako elementuak baitira.

Orduko ordainsari txikiagoa izatea:

  • Soldata-diskriminazioa
  • Segregazio sektoriala eta okupazionala
  • Kristalezko sabaia

Ekoizpen-lanerako ordu gutxiago baliatzea:

  • Lan-iruzurra
  • Zaintza-lanetan erantzunkidetasunik eza
  • Emakumeen jarduera-tasa txikia

Nola salatu?

Soldata-arrakalaren arrazoiak salatu

Konturatzen bazara gizon batek emakume batek baino gehiago kobratzen duela lan bera egiteagatik, enplegu bat lortzeko edo lanpostuz igotzeko orduan diskriminazioa ikusten baduzu, plusak diskriminazioz ezartzen badira edo zure enpresa 100 pertsonatik gorakoa bada eta ez badauka berdintasun-planik, SALATU.


1 pausoa

Salaketa


2 pausoa

Bertaratu


3 pausoa

Errekerimendua

4 pausoa

Zigorra

Zenbait adibide…

  • Acrena Sat kasua. Almeriako Lan Arloko 1. zenbakiko Epaitegiaren Epaia (2018-11-19)

    Fruta eta barazkiak saltzen dituen ACRENA SAT enpresari epai bidez agindu diote ontziratze-lana egiten duten emakumezko langileei eta biltegiko lana egiten duten gizonezko langileei soldata bera ordaintzeko. Errekurtsoa jar daiteke epaiaren aurka.

    Enpresan 350 emakumezko langilek ontziratze-lana egiten dute; eta 50 gizonezko langilek biltegiko lana egiten dute. 2016ko irailetik 2017ko abenduaren 31ra, frutak, barazkiak eta loreak manipulatzeko eta ontziratzeko sektorearen Almeriako lan-hitzarmen kolektiboa aplikatuta, biltegiko langileek 6,70 eta 6,77 euro jaso zuten orduko; eta ontziratze-laneko emakumezko langileek, ordea, 6,54 euro ordu bakoitzeko, hots, % 4,2 gutxiago.

    Epaian frogatutzat eman zuten enpresa batzuetan biltegiko langileek ontziratze-laneko langileak ordezkatzen zituztela, baita alderantziz ere; eta kategoria bietako ordutegiak, txandak eta lan-karga oso antzekoak zirela. Are gehiago, esfortzu fisikoak ere oso antzekoak dira, produktuak eskorga automatikoz garraiatzen dituztelako. Hori dela eta, ez zegoen arrazoirik ontziratze-laneko langileei biltegiko langileei baino gutxiago ordaintzeko.

    Hitzarmen kolektiboan jasota egon arren, magistratuak erabaki zuen nazioarteko zuzenbidea, Europako Erkidegoko zuzenbidea eta Espainiako zuzenbidea hitzarmen kolektiboaren gainetik daudela.

  • Gregorio Marañón ospitalearen kasua, Konstituzio Auzitegiaren 145/1991 epaia, uztailaren 1ekoa

    Epai horrek jurisprudentzia finkatu du Espainiako legerian. 1985ean «garbitzaile» kategoriako 137 emakumezko langilek jarri zuten demanda, "peoi" kategoriako gizonezko langileek soldata handiagoa jasotzen baitzuten, ospitalean funtzio berak egin arren.

    Konstituzio Auzitegiak onartu zuen tratu desberdina emateko oinarri bakarra hitzarmenean ezarritako kategoria desberdina zela; eta hori diskriminazioa egiteko zeharkako modua zela, sexuan oinarritutako lanbide-sailkapenerako sistemari lotuta baitzegoen. "Lanbide-kategoria bigarren mailako elementua da, egiaztatzen baldin bada funtsean lan-prestazio bera egiten dela".

    Epaia eman zutenerako, jada ez zegoen peoien eta garbitzaileen arteko soldata-diferentziarik. 1988an hitzarmen berri bat sinatu zuten ospitalean: kategoriak berriro definitu eta soldatak parekatu zituzten.

  • Supermerkatu ingelesen kasuaEpaiaren zain

    Erresuma Batuko supermerkatuetako kate handien aurka (besteak beste, ASDA, Sainsbury, Tesco, Morrisons, Co-op kateen aurka) demanda kolektiboa jarri zuten 2016an, eta inoiz aurkeztu den handiena da. Dendan lan egiten duten langileen eta biltegian lan egiten duten langileen arteko soldata diferentziaren ondorioz aurkeztu zuten. Oro har, dendako langileak emakumeak dira; eta biltegiko langileak, ordea, gizonak. Soldaten arteko diferentzia 1,8 eta 3,6 euro artekoa da ordu bakoitzeko.

    Demandagileek argudiatzen dute dendako lana eta biltegiko lana balio berekoak direla, eta soldatan ez direla kontuan hartzen dendako ardurak (pertsonak, materialak, dirua), jendaurreko lanaren ezaugarriak eta lanpostuaren berezko arriskuak (adibidez, lapurreta-arriskua).

    Enpresaburuek argudiatu dute biltegiko langileen eta dendako langileen orduko soldata ez dagoela ezarrita langileen sexuen arabera. Kategoria bien artean diferentziak daude, bi eremuetako lanpostuen eskakizunak bat ez datozelako, langileek bi sektore bereizitan jarduten dutelako, eta langileei sektoreen ezaugarri espezifikoen arabera ordaintzen zaielako.

    Demanda emakumezko langileek ezarri duten arren, dendan lan egiten duten gizonei ere onura ekarriko die, baldin eta auzitegietan geroagoko ebazpen batean onartzen badute balio bereko lanpostuak direla eta ordainsari desberdina ezarri zaiela.

    Demandak 500 000 pertsonari eragiten dio, eta konpentsazio-balioa 9.500 milioitik gorakoa izango litzateke, gutxi gorabehera.

Argitalpen interesgarriak

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Lan eta Enplegu Sailaren webgunea