Fruta eta barazkiak saltzen dituen ACRENA SAT enpresari epai bidez agindu diote ontziratze-lana egiten duten emakumezko langileei eta biltegiko lana egiten duten gizonezko langileei soldata bera ordaintzeko. Errekurtsoa jar daiteke epaiaren aurka.
Enpresan 350 emakumezko langilek ontziratze-lana egiten dute; eta 50 gizonezko langilek biltegiko lana egiten dute. 2016ko irailetik 2017ko abenduaren 31ra, frutak, barazkiak eta loreak manipulatzeko eta ontziratzeko sektorearen Almeriako lan-hitzarmen kolektiboa aplikatuta, biltegiko langileek 6,70 eta 6,77 euro jaso zuten orduko; eta ontziratze-laneko emakumezko langileek, ordea, 6,54 euro ordu bakoitzeko, hots, % 4,2 gutxiago.
Epaian frogatutzat eman zuten enpresa batzuetan biltegiko langileek ontziratze-laneko langileak ordezkatzen zituztela, baita alderantziz ere; eta kategoria bietako ordutegiak, txandak eta lan-karga oso antzekoak zirela. Are gehiago, esfortzu fisikoak ere oso antzekoak dira, produktuak eskorga automatikoz garraiatzen dituztelako. Hori dela eta, ez zegoen arrazoirik ontziratze-laneko langileei biltegiko langileei baino gutxiago ordaintzeko.
Hitzarmen kolektiboan jasota egon arren, magistratuak erabaki zuen nazioarteko zuzenbidea, Europako Erkidegoko zuzenbidea eta Espainiako zuzenbidea hitzarmen kolektiboaren gainetik daudela.