Epai horrek jurisprudentzia finkatu du Espainiako legerian. 1985ean «garbitzaile» kategoriako 137 emakumezko langilek jarri zuten demanda, «peoi» kategoriako gizonezko langileek soldata handiagoa jasotzen baitzuten, ospitalean funtzio berak egin arren.
Konstituzio Auzitegiak onartu zuen tratu desberdina emateko oinarri bakarra hitzarmenean ezarritako kategoria desberdina zela; eta hori diskriminazioa egiteko zeharkako modua zela, sexuan oinarritutako lanbide-sailkapenerako sistemari lotuta baitzegoen. «Lanbide-kategoria bigarren mailako elementua da, egiaztatzen baldin bada funtsean lan-prestazio bera egiten dela».
Epaia eman zutenerako, jada ez zegoen peoien eta garbitzaileen arteko soldata-diferentziarik. 1988an hitzarmen berri bat sinatu zuten ospitalean: kategoriak berriro definitu eta soldatak parekatu zituzten.