Erresuma Batuko supermerkatuetako kate handien aurka (besteak beste, ASDA, Sainsbury, Tesco, Morrisons, Co-op kateen aurka) demanda kolektiboa jarri zuten 2016an, eta inoiz aurkeztu den handiena da. Dendan lan egiten duten langileen eta biltegian lan egiten duten langileen arteko soldata diferentziaren ondorioz aurkeztu zuten. Oro har, dendako langileak emakumeak dira; eta biltegiko langileak, ordea, gizonak. Soldaten arteko diferentzia 1,8 eta 3,6 euro artekoa da ordu bakoitzeko.
Demandagileek argudiatzen dute dendako lana eta biltegiko lana balio berekoak direla, eta soldatan ez direla kontuan hartzen dendako ardurak (pertsonak, materialak, dirua), jendaurreko lanaren ezaugarriak eta lanpostuaren berezko arriskuak (adibidez, lapurreta-arriskua).
Enpresaburuek argudiatu dute biltegiko langileen eta dendako langileen orduko soldata ez dagoela ezarrita langileen sexuen arabera. Kategoria bien artean diferentziak daude, bi eremuetako lanpostuen eskakizunak bat ez datozelako, langileek bi sektore bereizitan jarduten dutelako, eta langileei sektoreen ezaugarri espezifikoen arabera ordaintzen zaielako.
Demanda emakumezko langileek ezarri duten arren, dendan lan egiten duten gizonei ere onura ekarriko die, baldin eta auzitegietan geroagoko ebazpen batean onartzen badute balio bereko lanpostuak direla eta ordainsari desberdina ezarri zaiela.
Demandak 500 000 pertsonari eragiten dio, eta konpentsazio-balioa 9.500 milioitik gorakoa izango litzateke, gutxi gorabehera.